XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) elipse horien planoa ez dago galaxiaren diskoaren planoan.

Horregatik, ez dira higitzen diskoaren biraketa berbera eginez.

Adibide gisa, irudian dugun w Centauri har dezakegu.

Bere orbita lortzeko kalkuluen arabera periastroa (Galaxiaren nukleotik distantzia minimora dagoen puntua) 6.000 argi-urtetara dago kokaturik, eta apoastroa (nukleotik urrunen dagoen puntua) 21.000 argi-urtetara.

Oro har, periodoa oso handia izaten da, eta hamarka edo ehundaka milioi urtetakoa izan daiteke.

Bira bakoitzean kumulu globularra bi aldiz iragaten da galaxiaren diskotik baina, lehen esan dugunez, beren trinkotasuna nahikoa da diskoaren eragin grabitatorioak sakabana ez dezan.

Hala ere, iragapen horietan izarrarteko hauts gehiena galtzen dute, geroaldian izar berriak sortzeko aukera erabat galtzen delarik.

Bestalde, Keplerren bigarren legeak dioenez, kumuluak azkarrago higituko dira galaxiaren gunearen ingurutik doazenean, baina handik urrundu eta kanpoaldera ateratzen direnean, alegia, guk hobeto beha dezakegun unean, oso zaila da beraien abiadura neurtzea, hain urruti egotean ortzian ia finko ikusten ditugulako.

Hori dela eta, multzo bezala hartuta, erreferentzitzat erabili dira Eguzkiaren higidura aztertzeko, lehenago ere esan dugunez.

Jadanik bukatu behar dugu kumulu globularren kontuekin eta horretarako, une batez, Gure Galaxiatik kanpora atera behar dugu, beste galaxia batzutan ere kumulu globularrak aurkitu direlako.

Hasieran esan dugu kumulu globularrak oso trinkoak direla eta izar-dentsitate oso handia dutela.

Horri esker beraien argitasuna ere oso handia da eta distantzia izugarri handietara egon arren ikusgai ditugu.